Saioa, 2007.ko ekainaren 10a.

2007-04-29

Kokapena

Belateko mendatetik gertu dagoen mendi honen magaletan isurtzen diren urak Anue, Esteribar, Baztan eta Ultzamako haranetan barna abiatzen dute Kantauri eta Mediterraneo itsasoetan amaituko duten bidea.
Tontorretik ekialdera begira jarri ez gero, Pirineoak izango ditugu begi bistan. Ori mendia gertuen eta aruntzago Auñamendi edo Anie eta Hiru Erregeen Mahaia. Mendebaldera berriz, Aralarko mailoak eta Beriain ikusiko ditugu, hegoaldera, Iruñako sakana eta iparraldera Baztan eta Behe Nafarroa.

Jakintzako Txangoa

Ekainak 10ean, goizean garaiz hartuko dugu Belatera eramango gaituen autobusa. Ibilbidea zeharka-zeharka eta poliki-poliki altuera hartuz eta XII. mendeko monasterio baten gainaldetik pasatuz pagadi eder batean sartzen da.


Belateko monasterio zaharra.

Bideak errekarekin bat egiten duenean, gogor heltzen dio aldapari.


Ur hauek Mediterraneo itsasoan amaituko dute beren bidaia.

Txabola zahar baten ondoan pasatuko gara eta basoa atzean utziko dugu.

Hemendik aurrera, Gartzagako leporaino (1.230m) eramango gaituen bidezidorra jarraitu besterik ez dugu izango. Bertan, Baztango bailara zabalduko zaigu begien aurrean. Lepoa jarraituz, nahi izan ez gero, Okolin tontorrera igoko gara edo hegaletik jarraituz izen bereko lepora iritsiko gara. Hemendik Saioa mendiaren gailurra (1.418m) eskura izango dugu.


Okolingo lepoko bidean Saioa aurrean dugu.

Itzuleran, toki egokiren bat hautatu ondoren, patxadan bazkalduko dugu, beraz, ez ahaztu bakoitzak bere bazkaria eraman behar duela.


On egin!!

Denbora eman ez gero…

…arratsaldean, Lantz herria bisitatuko dugu. Han ote dabil oraindik Miel Otxin?

Eta eguraldi txarra egiten badu?

Ez kezkatu, inguruetako herriek aukera polita ematen digute eguna pasatzeko.

Argibide gehiago nahi baduzu:

  • Klikatu hemen.
  • Behera joan ez gero, koadrotxo batzuk aurkituko dituzu. Lehenengo laukian, zure izena idatzi. Bigarrenean, helbide elektronikoa (baldin baduzu). Eta azkenekoan, zure iruzkina edo galdera idatzi. Ondoren, sakatu BIDALI!!
  • Ahal den azkarren erantzungo dizut zure helbidera edo hemen.

Martxoak 25, Ordiziako ibilaldia

2007-03-18

Honela dio hurrengo Jakintza Ikastolako mendi-irteera orriak:

“Urtero, udaberri atarian, Ordiziako Mendizale elkartekoak ibilaldi bat prestatzen dute gure herriaren inguruan gaztetxo eta gurasoentzat. Ohitura galdu gabe aurten ere parte hartzea gonbidatu gaituzte. Zortzi eta erdietan Herriko Plaza Nagusitik abiatuko gara eta Ioiatik pasatuz Urkira joango gara. Bertan guztiontzat hamaiketakoa zain izango dugu eta eguerdiko ordu bata ingururako etxera itzuliko gara. Parte hartzeko ezin bestekoa izango da aurretik izena ematea.
Oharra: Egun berean, Jakintza Ikastolako mendi irteeratara joaten garenak bazkari bat antolatu dugu Ordiziako elkarte batean. Hogeita hamasei lagunentzat dugu tokia, beraz, parte hartu nahi duzuenak, eman izena lehenbailehen liburutegiko Blas-eri. (943085635)”

Egia esan, ez dut uste Ordiziako ibilaldia deitu beharko geniokeenik, izan ere, herriaren lurrak hain txikiak izanik, lau pauso eman eta bertatik kanpo aurkitzen gara. Jabetuko zineten ibilaldi hau gehienbat Itsasondoko lurretan egingo dugula.


Iazko Ordiziako ibilaldiaren irudi bat Lazkaoko lurretan.

Martxoak 11, Ibilaldi Neurtua Ataunen

2007-03-18

Aurreko igandean, hilak 11, mendi-irteera izan genuen Eskolarteko Mendi Txapelketa barruan. Aurtengoa Ataunen ospatua izan da. Ordiziako Jakintza Ikastolatik talde polit batek hartu genuen parte. Oso ibilaldi polita antolatu zuten Ataundarrek, agian luze samarra kontutan izanda azkenaldi honetan Ikastolako gaztetxoak direla mendi-irteeretan gehien parte hartzen dutenak. Zorionak 1. eta 2. mailako ikasleei.


Ataun, San Gregorio auzoan loratu dira elorriak.


Jakintzako gaztetxoak sasoian daude.

Sagastarrira mendi-irteera

2006-11-22

Aste honetako igandean (2006.eko azaroak 26-ean), ibilaldi polit bat dugu Jakintza Ikastolako Mendi taldearekin, Sagastarriko kobara.

Abiapuntu, Urkilagako lepoa izango dugu Ataungo Aia auzoan. Bertan, Lareoko urtegira doan pista alde batera utzi eta Agaozko gainera doan bidea hartuko dugu. Aldapa gogorrak izerdia atera araziko digu, baina eguraldia lagun, goian izango dugu geure saria, izan ere, bertako bistak zoragarriak dira. Zeharka-zeharka jarraituz, Sastarriko basoan, kobazulorako bidea bilatu beharko dugu. Zuloaren zirrikituak ikusten ordubete bat pasa ondoren, sarreran bertan merezitako hamaiketakoa egingo dugu. Ondoren, Lareoko urtegitik pasatuz Akerretako bidetik Lizarrustira jaitsiko gara. Aspaldi, garraio tren txiki batek egiten zuen bidetik.

Lizarrustin zain izango dugu etxera itzuliko gaituen autobusa.